Fundazioan 80 bilduma dokumentaletik gora daude, Juan Jose Agirrek urteen poderioz osatutakoak. Lau alor nagusitan sailka daitezke: bilduma politikoak –alderdi eta erakunde politikoak, hauteskundeak, presoak…–, lan munduarekin zerikusia dutenak –sindikatuak eta enpresak–, gizarte alorrekoak –apaizak, ekologistak, emakumeak…– eta kulturaren ingurukoak –euskera...–. Bertan oktabilak, panfletoak, prentsa ebakinak, komunikatuak, esku-egutegiak… aurki daitezke, baita barne dokumentazioa ere –aktak, informeak, memoriak, e.a.–. Aipatzekoak dira bereziki politikaren alorreko bildumak, 70 eta 80ko hamarkadetako euskal politika ikertzeko ezinbestekoak.
Momentu honetan bilduma horien antolaketa eta deskribapen lanak egiten ari gara, eta lan horiek burutu ahala egin ahal izango dira kontsultak.