Juan Jose Agirre monje beneditarrak lau hamarkada daramatza euskal gaien inguruko liburu, aldizkari eta askotariko dokumentuak biltzen. 1970ean hartu zuen Agirrek Lazkaoko Beneditarren Monasterioko Bibliotekaren ardura, nagusiek hala eskatuta. Askotan aitortu izan duenez, garai hartan ezer gutxi zekien liburuei buruz, eta Montserratera joatea erabaki zuen, Bibliotekonomia ikastera. Han piztu zitzaion bibliotekari-bokazioa, eta han bertan erabaki zuen, baita ere, artxibo handi bat sortuko zuela Euskal Herriarekin erlazionatutako funtsekin, askotariko euskal funtsekin.
Gauzak horrela, Lazkaora itzuli zenean eginkizun berriari ekin zion, buru belarri. Monasterioko Biblioteka antolatu zuen, liburu berriak eskuratu, bildumak osatu…, eta era berean, gerora Euskal Biblioteka gisa ezagutuko zenaren oinarriak jarri zituen, monasterioan aurkitu zituen liburu eta aldizkariekin eta handik aurrera bilduko zituenekin. Hori bakarrik ez, gainerako liburutegi eta artxiboetan artean gordetzen ez ziren dokumentuak biltzeari ere ekin zion: panfletoak, foiletoak, kartelak, pegatinak, egutegiak... Eta arreta berezia eskaini zion erbestean eta klandestinitatean ateratzen zen guztiari.
Pixkanaka, Agirrek materiala biltzeko boluntario sarea egituratu zuen bere inguruan; berak ere makina bat bidaia egin zituen Euskal Herrian zehar liburuak, aldizkariak… lortzeko. Denborarekin, gainera, alderdi politikoetan, sindikatuetan eta beste hainbat erakundetan partaide izan zirenen paperak eta artxiboak jasotzen hasi zen; erakunde batzuen artxiboak ere bai. Horrekin guztiarekin batera, lehen antolaketa eta deskribapen lanak egin zituen. Eta laster izan zituen ikertzaileak ate-joka.
Aitzindaria izan zen Agirre bere lanean, eta hasiera-hasieratik etorkizunera begira izan zuen ikuspegi zabalari esker, euskal ondare dokumentalaren zati garrantzitsu bat salbatzen lagundu zuela esan daiteke. Hala, Agirre eta Lazkaoko Beneditarrak euskal kulturaren alde egindako lanarengatik erreferentzia bilakatu dira.